Gabonetako oporrak, saskibaloia, gozamena

PIN_J7 (1)

Egilea: Jokin Kamiruaga @JokinKamiruaga

Oporretan giro ezin hobean lagunartean saskibaloiaz gozatzeko aukera eskaintzen duen “Gabonetako XLIII. Torneoa – UGP 2013/14” torneoa amaitu berri da, urtero marka guztiak hausten dituen umeentzako saskibaloi txapelketa. Urteak aurrera doaz, Gabonetan gero eta saskibaloi ekintza gehiago antolatzen dira, baina torneo honek badu bere xarma, eta saskibaloian lehiatzeaz gain, torneoak gozamen puntu bat ere badu, umeek lagunekin egun ederra igarotzeko aukera paregabea izanik. Aurten ere 140 talde eta 700 umetik gora izan dira Barakaldoko BEC-en, Bizkaiko bazter guztietatik etorritakoak, alegia.

Txapelketa hau jokatu dugunok, eta Bizkaian milaka saskibaloi zale gara behin gutxienez Umeen Gabonetako Parkeko txapelketan parte hartu dugunok, badakigu torneo hau zeharo berezia dela. Azken urteetan, nahiz eta torneoak hainbat aldaketa jasan dituen, besteak beste, Bilbotik Barakaldorako bidaia, 3×3 modalitatea eta aurten jokatutako kategoria berria, antzina bezain erakargarria izaten jarraitzen du etxeko txikientzat. Badirudi 3×3 modalitatea umeen gustokoa dela, eta aurre-mini kategoriako talde batzuek urte osoan zehar modalitate honetan jokatu arren, gainontzeko talde guztiek ohikoa duten saskibaloia albo batean laga eta 3×3 modalitatean aritzeko irrikan agertu dira beste behin. Horrez gain, saskibaloiaz gozatu ahala, torneo hau jende berria ezagutu eta lagun berriak egiteko primerakoa da.

Txapelketa honetan jokalariak dira protagonista, Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren xedea umeek saskibaloiaz gozatzea baita, kiroltasuna eta parte hartzea sustatuz. Baina badira txapelketa honetaz gozatzeko beste aukerak. Aurten, nahiz eta zuzenean parte hartzeko egokierarik izan ez dudan, gogoan ditut UGP-an igarotako urteak. Jokalari gisa ez ezik, gertalari eta epaile moduan egoteko aukera izan baitut. Egia esan, oroitzapen onak baino ez zaizkit burura etortzen, eta ikuspegi guztietatik torneo hau behin baino gehiagotan bizitzeko modukoa dela aitortu behar dut. Epaile lanak ere behin burutu nituen, eta bertan ezagututako lagunak bertan jo ta ke lanean jarraitzen dute, torneoa posible eginez. Benetan aipatzekoa dela pertsona hauek egiten duten ahalegina eta lana.

Aurten lehenengo aldiz, saskibaloiaren munduan lehenengo urratsak ematen hasi diren neska-mutilei txapelketan parte hartzeko aukera eskaini zaie. Hamar taldek parte hartu dute, eta esperientzia ona izan delakoan, datorren urtean  ere antolakuntzak maila honetan txapelketa antolatuko duelaren erabakia hartu du. Nire aburuz, saskibaloi eskaintza handitzea albiste ona da. Mini mailatik haur kategoriara pasatzen diren askok, Gabonetan UGP-ko torneoan parte hartzeko aukerarik ez izateaz goibeldu egiten dira maiz, askok aitortu ere bai. Beraz, txiki-txikitatik jokatzen hasteari ondo deritzot, gainera, askoren saski lehenengo partiduak direla kontuan izanik.

Urte hauetan zehar milaka pertsona pasa dira, eta pertsonekin batera milaka amets, ilusio, poztasun, tristura, garaipen, porrot, algara, haserre eta abar sentimendu. Horrela segi dadila!

Comparte este post si te ha gustado:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

*

* Copy This Password *

* Type Or Paste Password Here *