Entrenatzaile euskalduna behar dugu

Koldo Tellitu

Gaur egun, oraindik ere ez da arraroa honelako iragarkiak ikustea noizean behin gure herriaren hainbat tokitan, izan ere,  entrenatzeko lana euskaraz egin dezaketen entrenatzaileak aurkitzea zaila izaten da zenbaitzutan. Hala ere, arlo honetan behar hainako aurrerapenak ematen ez direla dirudien arren, honelako iragarkiak mentalitate aldaketa baten erakusgarri dira, kirolean ere euskaraz aritu beharra barneratzen ari garenaren seinale, euskara normalizatuko bada, arlo guztietara zabaltzea beharrezko dugula barneratzen ari garenaren seinale.

Neure kirolean zentratuko naiz, Saskibaloian. Duela oso denbora gutxira arte, kirol honek dituen zailtasun tekniko-taktikoak medio, honelako iragarkiak ikustean euskararen erabilera eta kirolaren ezagutza aurrez-aurre jartzen zituzten erreakzioak sortu ohi ziren. Baziren pertsona batzuk entrenatzailea euskalduna izatea exijitzeak beronen kalitatea murrizten zuela uste zutenak, ala beste batzuk pentsatzen zuten entrenatzailea “ona” izateari eman behar zitzaiola lehentasuna eta ez euskalduna izateari, bi ezaugarriak bateragarriak ez balira bezala, eta gainera euskara gelan  ikasten dute umeek. Horrela sarritan ikusi ditugu egoera benetan lotsagarriak, diglosikoak euskararekiko, umetxo taldeetan jokalariak haien artean euskaraz hitzegiten eta entrenatzailea euskalduna ez izanda.

Eta zein zaila den pertsona hauei ondoko idei hau azaltzea; Ikastetxe bateko, ikastola bateko hezkuntza  proiektuak Hizkuntza Normalkuntza Plana garatzen duenean, honek kirolaren eta eskolaren arteko koordinazioa estua izan behar dela barnebilduko du eta ikasleek kirol ekintzak ere euskaraz garatu behar dituztela. Eskolak motorra izan behar du prestatzen dituen ikasleek euskarazko espazioak izan ditzaten, ikasle euskaradunak baino, euskaldunak sortzeko eta ondorioz kirol praktika, saskibaloia, ezin da ikastetxeko Hizkuntza Normalkuntza Planetik kanpo egon, eskola orduetatik kanporakoa izan arren.

Azken finean hizkuntzaren barneratzea ezin da era isolatuan bideratu, era integratuan baizik, beraz, euskara ikasleek gustuko dituzten jarduerekin lotzeko urratsak eman behar dira eremu honetan ere.

Aurrerapausuak eman ditugula esan dut eta bai, hala da. Nik oraindik gogoan dut umetan falta teknikoa leporatu zidan arbitroa “en cristiano” ez hitzegiteagatik. Gogoan dut ere 1980. Urtean Iribarri egindako homenaldi partiduan bildutako diruarekin finantzatu zen “Kirol Hiztegia”  eta zelan saskibaloiari zegokionean pixka bat harrituta utzi gintuen. Gogoan dut etbk egindako partiduen lehen emanaldiak eta zelan begiratzen genion elkarri euskarazko zenbait termino entzuterakoan. Gogoan ditut oraindik ere sortzen zaizkigun zenbait zalantza “gantxo” ala “zona” bezalako terminoekin, nahiz eta arlo honetan “Saskibaloia Hiztegiak” egindako ekarpena paregabea izan den. Gogoan ditut entrenatzaile bezala nire hastapenak eta zelako ahalegina suposatzen zidan zenbait esamolde erderaz ez erabiltzeak.

Pixkanaka Kampusak euskaraz antolatzen direla ikusi dugu, euskaraz clinicak egiteko gai diren teknikari apartak ditugula, talde askoren hizkuntza euskara dela, gure federazioek web orriak euskaraz eskaintzen dituztela, epaileak naturaltasun osoz zuzentzen direla jokalariengana euskaraz eta toki askotan entrenatzailea behar dugunean ez dugula euskalduna izan behar dela esan beharrik ere. Honek guztiak bide onean goazela erakusten duen arren, oraindik ere asko dago egiteko, goiburua den iragarkiak erakusten duen moduan.

Bai, entrenatzaile euskaldun gehiago behar ditugu, euskara kirolaren inguruan ideia, bizipen eta nahiak elkartrukatzeko bidea izan dadin eta eremu honetan ere normalizatu dadin.

 

Comparte este post si te ha gustado:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

*

* Copy This Password *

* Type Or Paste Password Here *