Entrenatzaile euskaldunak hezten

LOGO

@JokinKamiruaga

Bizkaiko Saskibaloi Federazioak Euskarazko I. Saskibaloi Heziketa Jardunaldiak antolatu dauz Begoñazpi Ikastolan, euskaldun entrenatzaile gazteak heztea helburu eban jardunaldietan. Guztira, 36 entrenatzailek izena emon eben, gehienak hasi barriak ziran eta askok oraindik ez dabe talderik entrenatu. Artikulu honetan heziketa jardunaldietako hiru egunetan zehar gertatutakoaren barri emon gura deutsuegu.

Bizkaiko Saskibaloi Federazioan egunerokotasunean euskararen erabilpenaren alde lanean jarraitzen dogu, eta Begoñazpi Ikastolan antolatu doguzan heziketa jardunaldi hauek horren adierazle dira. Gero eta entrenatzaile euskaldun gehiago dagoz, horregaitik, Heziketa jardunaldiak antolatzea erabaki genduzan, eta lehenengo edizio honetan 15-20 urte bitarteko hainbat gaztek izena emon dabe.

Gure hasierako helburu nagusia hasi barriak ziran entrenatzaile euskaldun gazteei saskibaloiaren hastapenean ezinbestekoak diran gaien inguruan orientabideak emotea zan, eta era berean, etorkizuneko entrenatzaileak euskaraz heztea. Horrez gain, euskaldun saskibaloi irakasleria be prestatzen joatea zan gure helburu nagusienetarikoa, etorkizun hurbilean Lehenengo Graduko ikastaroa euskaraz emateko behar adina irakasle kualifikatu izateko. Egia esan, ikastaroa giro euskaldun batean emon da, eta gure erronkarik haundiena bakotzak bere eguneroko jardunetara giro hori eroatea da, egun bakarreko kontua izan ez dadin.

Heziketa jardunaldiak apirilaren 27an hasi ziran, eta Begoñazpi Ikastolara hainbat gazte gerturatu ziran saskibaloiaren inguruan euskaraz hainbat orientabide jasotzera, euren taldeetan erabili ahal izateko, edo entrenatzen hasten diranean oinarri jakin batzuk izateko. Lehenengo hitzaldia, Eneko Hormaetxeak, Gernikako LF2ko prestatzaile fisikoak eta saskibaloi entrenatzaileak, saskibaloira aplikatutako heziketa fisikoaren eta propiozepzioaren inguruan emon eban. Enekok saio praktikoa egin eban, bertan Begoñazpi ikastolako 12 jokalarik parte hartu ebelarik, entrenatzaile gernikarrak agintzen ebazan ariketak gauzatuz. Hasieran beroketa ariketak planteatu ebazan eta horren ondoren, heziketa fisikoa saskibaloiko 1×1 egoera errealekin lantzeko ariketak azaldu ebazan. Ariketa mota guztietan, erasoa nahiz defentsa lantzeko aukera egoan, eta ikasleek nahiko gustora urten eben, ohituta dagozan ikuspegi ezbardin batetik azaldu jakielako. Amaieran, Enekok propiozepzioa duen garrantziaz mintzatu zan, “ariketa mota hauek landuz, lesio ugari ekidin daikeguz” hainbat ariketa adibidelez jarriz. Saskibaloi kantxan egiten eban hotza kristona zan, eta danak ikastolako aretora jaitsi ziran, bigarren hitzaldia entzutera. Jokin Kamiruaga, Bizkaiko mini mutilen hautatzailea eta BSFko euskara arduraduna, talde bat zuzen eroateko orientabideak emon ebazan, taldearen zuzendaritzaren inguruko gaiak jorratuz. Hasteko, entrenatzaile batek garatu behar dauzen konpetentziak eta gaitasunak azaldu ebazan. Denboraldiaren, entrenamendu saioen eta partiduen programazioari sekulako garrantzia emon eutson, kantxatik kanpo egin beharreko lanari garrantzia handia emonez, bere esanetan “entrenamendu baten amaierarekin hurrengo saioa hasten da”. Horrez gain, Jokin Kamiruagak entrenatzaileek jokalariengan daben eraginaz ere mintzatu zan “entrenatzaileok euren irudia gara, guk egiten dogunaren arabera heziko doguz, beraz ondo pentsatu zer egin eta esaten dozuen”. Amaitzeko, heziketa jardunaldien arduradunak, euskaren terminologiaren eta erabileraren inguruan hainbat informazio emon eutsien. Jokinen hitzaldia amaitzeaz batera, jadanik heziketa jardunaldietako lehenengo saioa amaitu zan.

Astebete beranduago Iñaki Camarero eta Olatz Fernandezen txanda iritsi zan. Iñaki, Bizkaiko Saskibaloi Federazioko kirol zuzendaria eta saskibaloi entrenatzailea, metodologia gaiak jorratu ebazan, joko errealaren praktikotasuna ariketen bitartez lortzeko. Oso saio dinamikoa izan zan, non entrenatzaileek euren iritziak emoteko aukerea izan eben. Harreman hurbila eskaini eban Iñakik, eta entrenatzaileek oso gustora egon ziran. Iñaki Camareroren esanetan, “jokalarienganako hurbiltasuna” ezinbestekoa da, eta horregatik entzuleekiko gertutasuna adierazi eban. “Entrenatzaileok Saskibaloi birusa transmititu behar deutsegu gure jokalariei, hori da aurre-minietan batez be garatu behar doguna”. Horrez gain, Iñakik entrenatzaileak ariketak egiten jarri ebazan, eta hauek eurentzat ohikoak diran ariketak planteatu ebezan. Botea, pasea nahiz jaurtiketa lantzeko ariketak landu ziran, eta entrenatzaileei entzun ondoren, berak bere taldean erabiltzen dauazan adibide batzuk jarri ebazan. Metodogia kontuak utzita, Olatz Fernandez, fisioterapeuta eta saskibaloi entrenatzailea, lesioen inguruan mintzatu zan. Hasteko, saskibaloian emoten diran ohiko lesioak aipatu ebazan, kolpeak, zaintiratuak, agujetak, etab. horien inguruan oinarrizko informazioa emonez. Elikadura ona eroatea, hidratatuta egotea, luzaketak egitea eta muskuluak indarberritzea lesioak ekiditeko balio dabe, eta daukiena baino garrantzia handiagoa hartu beharko lukete. Horregatik, Olatzentzat funtsezkoa da entrenatzaile gazteek honen barri izatea. Olatzek diño “hobe da partidua hasi baino lehen, berokotan, luzaketarik ez egitea; partidu batean muskuluetan tentsio apur bat euki behar dogu, saskibaloian saltoak, sprintak eta abiadura eta erritmo aldaketak egin behar diralako, eta luzatzean tentsio hori guztiz galtzen dogu, muskuluak erlajatuz”. Honenbestez, hitzaldietako bigarren eguna amaitu zan.

Iñaki Camarero metodologiaren inguruan berbetan
(Iñaki Camarero metodologiaren inguruan berbetan)

Hirugarren eta azken egunean, Mikel Garitaonandia eta Paul Urbano gerturatu ziran Begoñazpi Ikastolara. “Zer da ume txikiei irakatsi behar deutsegun lehenengo gauza? Jaurtiketa, botea ala pasea?” Galdera horregaz hasi eban Mikel Garitaonandiak, Zornotza EBA ligako entrenatzaileak, teknika eta taktikaren inguruko hitzaldia. Teknika eta taktika irakastea ez da gauza bera, beraz, entrenatzaileek kontzeptu bi horien arteko ezbardintasunaz jabetu behar dira, eta horren inguruan aritu zan Mikel. “Ez dekogu dana irakasteko denpora, beraz, ondo erabakitzen ikasi behar dogu”, hau da, aukeratzen egon behar gara, erabakiak hartzen. Mikelen aburuz, “taktika teknika baino askoz be garrantzitsuagoa da”, saskibaloian erabakiak hartzen etengabe egon behar garelako, eta irakasterako orduan horrela antolatu behar gara. Ondoren, taktikan oinarritutako hainbat egoera azaldu ebazan, eta baita egoera horiek lantzeko ariketak be. Mikelen hitzaldiaren ondoren, FEB epailea dan Paul Urbano etorri zan arautegiaren inguruan mintzatzera. Hitzaldi praktikoa egin eban, partidu batera eroan beharreko derrigorrezko materialak zeintzuk diran azalduz. Horrez gain, Paulek azken urteetan guztien ahotan dagozan kirolez kontrako faltak eta atzealdera itzultzearen arauak azaldu ebazan, horretarako bideoak erabiliz. Amaitzeko, epaileek sarean daukiezan plataforma ezbardinen jarri emon eban Urbanok.

Mikel Garitaonandia taktikaren garrantziaz
(Mikel Garitaonandia taktikaren garrantziaz)

Bizkaiko Saskibaloi Federaziotik heziketa jardunaldi hauek lehenengo aldiz antolatu doguz, eta parte hartzean itzelezko erantzuna izan dogu. Espero dogu hurrengo urteetan ere aurten izan dogun arrakasta errepikatzea, eta entrenatzaileen euskarazko heziketa gero eta ohikoagoa izatea. Alor honetan gogotik jarraitu dogu lanean, eta horretarako ikastola, ikastetxe, klub, epaile eta abarren inplikazioa behar da, jadanik Bizkaiko neska-mutil guztiek euskaraz dakitelako, euren lehenengo hizkuntza izan ez arren. Errealitatea onartu beharra dago, eta etorkizunean izango doguzan entrenatzaile barriak euskaldunak izango dira, hamen hasi eta hezi badira bederen. Beraz, jokalariak nahiz entrenatzaileak euskaldunak badira edo joera hori bada behintzat, zergatik astero kantxetan izaten doguzan harremanak gaztelaniaz baino ez dira? Zergatik euskaraz jakinda gaztelaniaz mintzatzen dira hainbat eta hainbat entrenatzailek? Askok euskarazko terminologia ezaguna ez dala diote, besteek aldiz, herri batzuetako euskalkiak ulertzen ez dabela diote. Aitzakiak aitzaki, argi dagoana da egoera hoberantz baino ezin dauala egin eta horretarako guztion lana behar dala. Transmititu gura deutsuegun eta heziketa jardunaldietako ikasleei transmitutu deutsegun gauza bakarra da Bizkaiko kantxetan giro euskalduna posiblea dala, eta gure esku dagoela, guk osatzen eta osatuko bait dogu Bizkaiko saskibaloia.

Heziketa jardunaldi hauetan, Bizkaiko hainbat txokoetatik etorritako entrenatzaile gazteak izan doguz. Bilboko Begoñazpi ikastolako ikasleak ez ezik; Durangoko, Leioako, Sopelanako eta Iurretako entrenatzaileak izan doguz gure artean. Ikasle gehienek 15-20 urte bitartean daukiez, heziketa jardunaldi hauen gaztetasuna ezaugarri bereizgarri nagusia izanik. Askok oraindik ez dabe entrenatzaile lanak inoiz burutu, eta heziketa jardunaldi hauekaz entrenatzaile mundura gerturatzeko parada izan dabe. Jadanik gertalariak diranak, aldiz, euren saskibaloi heziketa jarraituan beste aurrerapauso bat emon dabe, beste entrenatzaile batzuekaz euren esperientziak alkarbanatuz. Oro har, euskal giroa nagusi izan da, eta espero dogu entrenatzaile gazteek ikasitako guztia euren egunerokotasunezko jardueretara eroan ditzaten, guztion artean saskibaloia bizirik mantentzen baitogu, eta gure esku dago euskara saskibaloian bizirik be jarraitzea.

Entzuleek, oro har, oso gustora egon dira eta entrenatzeko gogoak piztu jakiez oraindik entrenatzaileak ez diranei. Begoñazpiko ikaslea, entrenatzailea eta jokalaria dan Lia Ojangurenek diño ”primeran dagoz holako ekintzak ikastolan egitea, kontzeptu barriak ikasteko, eta azken finean saskibaloiaz mintzatzeko”. Sopelanatik etorritako Xabier Azpirtatek diño, “gai mota ezbardinak jorratu dira, eta orokorrean hitzaldiak oso interesgarriak iruditu jataz, baina saio praktiko gehiago faltan bota dot”. Leioako Lierni Quesadak, aldiz, entrenatzaileen iritzi desbardinak goraipatu gura izan dauz, eta behin heziketa jardunaldi hauetan egon ondoren, honako hau aitortzen dau: “jardunaldietan asko ikasi dot eta datorren urtean talde bat eroatea nahiko neuke”. Jokin Kamiruagaren esanetan, “urrats txiki bat aurrera emon da” eta “guztion esku dago saskibaloian gure hizkuntzaren erabilpena”, eta hemendik euskararen sustapenean federazioarekin batera alkarlanean aritzera gonbidatzen deutsue.

Begoñazpi Ikastolako ikasleak heziketa jardunaldietan

Begoñazpi Ikastolako ikasleak heziketa jardunaldietan

Amaitu aurretik, Begoñazpi Ikastolari eskerrak emon gura deutsaguz lehenengo bizipen hau bertan egiteko aukera eskaini deuskulako. Gainera, saskibaloian euskaren erabilpenari emoten deutsien garrantzia ere aipatu beharrekoa da. Horrez gain, heziketa ikastaro honetan laguntzaile gisa izan dogun BizkaiaBasket Fundazioari, Evolution Sports kirol enpresari eta Itzarriri ere eskerrak emon nahi deutseguz.

 

Comparte este post si te ha gustado:

One comment

  1. goiuri dice:

    Benetan Zorionak!!!!
    Pena bat gure aldetik partehartzailerik ez egotea, baina espero degu urrengoan alkar ikustea.
    ondo izan
    Karmeloko Saski Taldea.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

*

* Copy This Password *

* Type Or Paste Password Here *